2014/01/19

Liburutegiak eta artxiboak elkarlanean


Unibertsoko jakinduria osoa!
Marteko Unibertsitateko liburutegian, Unibertso osoko jakinduria biltzen da. Eta diska bi baino ez ditu.

Tira, oraindik ez gara Futuraman agertzen den egoera horretara heldu, baina nabarmena da horretarako ageri den joera. Jakinduria agian ez, baina informazioa bai ari dela formatu digitaletara egokitzen. Eta bizkor, gainera. Horren ondorio modura zer dugu? Ba, agian orain arte nahiko finko agertzen ziren marrak itxuragabetzen hasi direla eta instituzioak ikusten ari direla beraien jarduerak zerbitzuen arabera berrantolatu behar dituztela.

Informazio digitalizatu horren ikuspegitik, zeintzuk lirateke funtziorik nagusienak? Bi motatakoak nabarienak; alde batetik babesarena (preserbazio kontuak) eta bestetik zabaltzearena (babestuta dagoen hori erabiltzaileei jakinaraztearena). Eta funtzio hauetatik zeintzuk dagozkie artxiboei eta zeintzuk liburutegiei? Horra lehen argiago zeuden marra horien itxuragabetze hori. Zergatik ez ote dute zer esanik izan beharko artxiboek erabiltzaile 'arrunta'ri (ikerketa lanetan profesionalki murgildu ez den hori) informazioa erakusteko orduan? Zergatik ez liburutegiek esparru lokalean sortzen den informazioaren zaintza lanetan?

Lar zehaztu gabeko eremu horri konponbideak eta asmoak zabaltzeko asmoarekin arlo bietako profesionalak batu zituen ALDEEk urtarrilaren 15ean Indarrak batzen. Artxibo eta liburutegiak elkarlanean herritarren zerbitzura izeneko jardunaldian.


Irudiaren jatorria: @MSNdokutalde


Ideien elkar trukatzea errazago ahalbidetzen zuen mahai inguru baten modura antolatu zen jardunaldia Euskadiko Artxibo Historikoan (to bideo promozionala) profesional hauekin (mahaian eskumatik ezkerrera jesarrita zeuden hurrenkeran): Glòria Pérez Salmerón (@GPSalmeron), Pedro Penteado (@ppenteado) Eugenio López de Quintana (elkarrizketa batean) moderatzaile lanetan, Julio Cerdá Díaz eta Ciro Llueca (@cirollueca).

Hainbat ideien artetik: zerbitzuak (eta elkarlana, horretara bagagozkio) arautu beharraren premia (@GPSalmeron), elkarlana prestatzerakoan ematen diren etapak eta formakuntzan eman beharreko irekiera (@ppenteado), zerbitzuak emango diren lurralde eta erabiltzaileei egokitu beharra gardentasunetik abiaturik beti ere (Julio Cerdá) eta elkarlanetik haratago zerbitzuen fusiora joteko beharra (@cirollueca).

Itaun polemikorik ere izan zen, baina bertan esandakoak hobeto batu ditu Txetxu Barandiaranek bere blogean.