2013/10/18

Jardunbide egokiak sareko liburutegietan

Pasadan eguenean, eta Liburu Zerbitzuak antolatuta, sareko liburutegietan egiten diren jardunbide egokiak ezagutu eta elkarbanatzeko aukera izan genuen. Joan ezin zenutenontzat hona laburpen eta ondorio antzeko batzuk.


Jardunaldia eurOPA jauregian antolatu zen

Ziortza Onaindiak hasi zuen jardunaldia Iurretako liburutegian (@Iurretabiblio) antolatzen dituzten ekimenak azalduz. Liburutegia topagune bezala aurkezteko zuzenduriko plangintza batean, ekimenak gertukoak eta parte-hartzaileak izan daitezen nahi da. Webgunean aurkezten duten zerrenda ikustea baino ez dago zorabiatzen hasteko. Agian aipagarrienak "Azalerako ipuinak" (asteroko saioak hilabeteak baino ez dituzten haurrentzako ukimena eta beste zentzumenen bitartez liburutegia giro xamur modura barneratu dezaten), hizkuntzen mintza-praktika taldeak (geroago Eibarretik ere azaldu zizkigunak) "Making!" (komiki digitalak sortzeko tailerrak) eta "Iurreta ezagutu" kanpaina nahiko sakabanatuta dagoen herria ezagutzeko. Baina beste hainbat proiektu ere bazeuden; "Bularretik mintzora" programa Galtzagorrirekin elkarkidetzan, Irakurketa klubak ikastetxeekin hitzartuta,
Galtzagorritik bultzatutako proiektu arrakastatsuak
liburu-markagailu lehiaketa edo gelako bibliotekak kudeatzea. Parte hartzearen datuak ere eman zituen (proiektuetan sartzerakoan askori ahaztu egiten zaigun kontua eta oso garrantzitsua dena) eta, antza denez, milla erabiltzailetik gora mugitzen dute ekimenok hilero. Ikaratzekoa.

Hurrengo txanda Eva Alberdirentzat (@evaalberdi) Eibarko liburutegitik. Liburutegiaren bilakaerari buruz hitzegin zigun, zelan aspaldian gaueko ordutegiaz ere irekitzen zenez, irakurtzeko eta liburuak hartzeko tokiaz aparte, auto-ikasketarako esparrutzat ere hartzen zela liburutegia. Egun, bizian zehar ikasten jarraitzeko aukerari eta UNESCOk 1994. urtean argitaraturiko manifestoaren (gazt.) zentzuari jarraituz, liburutegia auto-ikasketa prozesuaren lorbide izatera hel daiten asmoa proposatu zuen. Hori dela eta Autodidakta: dena jakiteko ilusioa webgunea sortu dute, non norbanako ikasketa baliabideak azaltzen diren. Autoikaskuntzatik aparte, beste hainbat proiektu aurkeztu zituen, lehen aipatutako atzerriko hizkuntzen mintza-praktika tailerrak (dinamizatzaileak Unibertsitatearekin hitzarmen baten bitartez lortuta), oinarrizko informatikako kurtsoak eta umeentzako IKT tailerrak. Azken proiektu bi hauek erabiltzaileen beharrei adira sortu dira bereziki. Lana aurkitzeko baliabideen bila zetozenek informatika kontuetan zuten eskarmentu gutxia ikusirik kurtsoak egitea pentsatu zuten eta bestetik asteburuetan pilatzen zitzaizkien umeek probetxuzko zeozer ikas zezaten antolatu zuten IKT tailerrak. Azpimarratzekoa, autoikasketa proiektuan ezin izan zutela diru-laguntzen esleipenetara aurkeztu edukazio sailean ez ei dalako liburutegiaren papera alor horretan aintzakotzat hartzen.

Eibar liburutegiko aurkezpena



Hurrengoa Gotzone Butron, Abusuko liburutegikoa (@arrigo_biblio). Liburutegia auzunearen (herriaren) elementu bateratzaile bezala aurkeztu zigun. Horretarako auzoko guztion inplikazioa bilatu egin behar eta horren asmoaz sare bat sortu dute Abusu sarean izenarekin. Sare hori bost ildo edo proiektutan garatu dute: "Bidelagunak" (umeak eskolara heltzeko bideak ziurtatuz) "Ikasten ari naiz" (helduak, umeentzako eredu bezala joka dezaten) "Puntu beltzen abisuak" (elkarkidetzan sustatutako hirigintza garatzeko) eta "Kultur Astea" (non liburutegiaren ideiatik gertuago ditugun ekimenak lantzen diren; liburu-azoka, bookcrossing puntuak, irakurketa maratoiak...) Bai, kontuak ondo badaramatzazue bosgarren puntua falta da. Azkenengo ildoa "Auzo irakurle" deiturikoa da, ikastetxeekaz eta liburu-dendakaz batera bultzatuta. Bertan hainbat proiektuk dute kabida. Adibidez, "Neu ere irakurle" kanpaina, non auzoko pertsona esanguratsuenak erabili zitutzen irudi modura irakurketa ikusgarri bihurtzeko (kartelek zenbat irauten zuten hartu zuten arrakasta neurgailu modura. Eta, horren arabera, oso ondo joan zen antza, jendeak ez baitzuen kartelak kendu nahi eta) "Geu irakurle, zeu ere bai" argazki eta bideo lehiaketak ekarpen gitxi baina oso kalitatezkoak izan zuen. "Eutsi liburu bat" merkatari eta ostalaritzakoekin batera (erosketak egiterakoan liburuak dendetan hartu eta itzultzeko aukera ematen zuen). Irakurle irakurketa klub birtuala ikastetxearekin batera eskola 2.0 programan txertaturik eta "Bularretik mintzora" programa barruan anbulategian irakurtzeko errezetak emoteko kanpaina.

Abusu liburutegiko aurkezpena



Kafearen ostean heldu zen prezisamente kafeak hartzearen eta besteokaz erlazionatzearen defendatzailerik sutsuena, Muskiz liburutegiko Fernando Juarez (@ferjur), hain zuzen. Aurkezpenari oso izenburu arranditsua ipini bazion ere (Marketinga liburutegietan: gailu mugikorrak eta aukera sortzaileak), teknologia bultzatzen duenaz hitzegin zigun batez ere. Eta zer da bultzatzen duen hori? Ba gu geu eta geure asmoak. Urte hauetan informazio teknologietan emon den
Sare sozialak edonon, baita esnean ere
aurrerapenarekin liburuek euren nagusitasuna galdu dute informazio iturri modura. Liburutegietan zegoen lan egiteko modua zeharo aldatu da eta egoera horrek 'erreta' edo motibaziorik gabe zeuden liburuzainekin egin du talka. Dekretu bidezko motibazio antzeko bat bilatu nahi izan da helburuak lar argi izan barik. Internet, sare sozialak... edonon agertzen dira eta bertan egon beharreko larridura sortu da nahiz eta sarritan jakin ez zer eta zergatik egon nahi den. Horren aurrean Fernandok gauzak lasai hartzeko proposatu zigun, arnasa batu eta ingurura begiratu, elkarkidetzak bilatu eta liburutegik kanpo dauden jakinduriak batu, erratzeko beldurrik gabe.

Muskiz liburutegiko aurkezpena



Ostean, Ana Orcasitas, Turtzioz liburutegitik, teknologia berrietan murgiltzeko duten grina azaldu zigun, nahiz eta oso aurrekontu urria izan. Lehengo ikuspuntu kuantitabo hutsetik abiatuta (erabiltzaile eta mailegu zenbakiak baino etziran kontutan hartzen) oraingo ikuspegia zabaldu egin da eta teknologiek eskaintzen dituzten aukerak oratu egin behar, nahiz eta udal korporazioek sarritan oztopoak jarri.

Eta azkenik  Carme Fenoll (@CarmeFenoll) eta Àlex Hinojo (@Kippelboy) izan genituen Wikipediak eta liburutegiek Catalunyan duten elkarkidetzaz hitzegitera. GLAM proiektuak liburutegien, museoen etabarren wikipediarako ekarpenetan datzate. Horren inguruan hango liburutegiei formazioa eta horren inguruko proiektuetan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Baita aukera baliatu ere, hainbat proiektu erakutsi bait ziguten. Adibidez herrien arteko lehiaketak
Wikipedian ezin da edonola gehitu informazioa
(irudiaren jatorria)
bakoitzaren monumentuen argazkiak igoteko Wiki Loves Monumentsera, Wikipedista egoiliarra (kontu hauetan oso ona den eta laguntzeko lortu duten hamazazpi urteko mutikoa) edo liburutegiko erabiltzaileak Wikipedista bilakatzeko antolatu dituzten kurtsoak eta mintegiak. Dena guzti hau, Wikik eta liburutegiek duten izaera guztiz kontrajarria baina, aldi berean, osagarrian oinarritzen da. Alde batetik, Wikipediak informazioa dakar ezin gehiagoan, baina liburuzainek erantsi liezaizkieken irizpideak faltan nabarmentzen dira. Gainera, liburutegien egoitzek sare fisikoa osotzen dute, egonkorra den sare bat. Bestetik, Wikipediak teknologi berriekiko ilusioa piztu liezaieke liburuzainei eta merituetan oinarritutako errolen garrantzia erakutsi. Proiektuetan bolondres parte hartzen da eta liburutegi bakoitzak berezkoa duen nortasuna ematen dio. Gerorako asmoen artean ISBN estekak liburutegietako katalogoetara bideratzea (egun Amazonera eta holangoetara egiten dute) eta alor zehatzetan bereziko diren liburutegi tematikoak sortzea.

Àlex eta Carmeren aurkezpena



Ondorioak: Ez da urrutira jo behar hainbat eta onak diren liburutegien ekimenak ezagutzeko. Gainera, aurrekontu oso eskasetik abiatutako jardunak ere eman ziren ezagutzera. Azken hauen giltza elkarkidetzan datza, inguruan eman daitezkeen aukerei eta erabiltzaileek erakusten duten beharrei so egin eta horiei heldu. Horra, adibidez, Eibarretik abiatu diren mintza-praktiken mintegiak edo haurrak eta teknologia tailerrak Unibertsitateko ikasleekin hitzarmen bidez lortuta, edo Abusu eta Igorretako liburutegiek herriko elkarteekin eta dendariekin eginiko proposamenak. Kontu hontan, adi  ikastetxeetako irakasle eta liburuzainen inplikazioarekin (eta horren bilaketan, noski) Abusuko irakurle klub birtuala eta Igorretako irakurketa klubak esaterako, horrela antolatu dira eta ikasketa-orduetan barne sartzen dira irakurketarekin zerikusia duten ekimenak. Hau da, liburutegia ez dela bakarrik gauzak antolatzen dituena baizik eta gauzak gertatu daitezen antolatzen duena ere.

Arrakasta izan duten ekimenak azaltzea ondo dagoela baina izan ez dutenak aurkeztea ere oso irakasgai ona dela. Azken finean, txikiago edo handiago, denok gaude herri-liburutegietako ingurunean eta ideiek oso alderdi antzekoak erakutsi ditzakete ondo edo txarte irteteko leku batean zein bestean. Benetan didaktikoa izan daiteke jakitea zerk egin duen huts hurrengoan saihesteko. Horretan ondo egon zen Abusuko Gotzone proiektu ezberdinak zergatik utzi ziren azaltzen.

Liburutegiek duten baliabiderik preziatuena beraietan jarduten duten profesionalak direla. Ezbairik gabe. Hogeita lau ordu baino gehiagoko egunik ote duten itauntzeraino heldu ginen han bildutakoak. Plangintza zehatz eta helmuga jakin batzuen ondorioek

Eskerrik asko zuen ekimenak azaltzera animatu zinetenoi eta jardunaldira hurbildutako guztioi berriro elkar ikusteko aukera emoteagatik!

(hala, banoa korrika adreilu hau burura bota deistezuen baino lehenago)